Categorías
Euskara

Umeentzako Tauromakia Legea errefusatzen dugu

  • EUSKO LEGEBILTZARRAK ZEZEN-IKUSKIZUNAK LEGEZTATZEN DITU ADINGABEEKIN ETA BIGANTXA TXIKIEKIN, ZIENTZIAREN ETA GIZARTEAREN ALDETIK GAITZESPENA IZAN ARREN
  • Elkarte animalistek salatu dute lege berriak, EAJ-PNV eta PSE-EEren ekimenez, 8 eta 16 urte bitarteko adingabeekin eta 6 eta 18 hilabete bitarteko bigantxekin egiten diren zezenketak legeztatzen dituela, orain arte Euskadin debekatuta zeudenak.
  • Legearen azken testua elkarte eta alderdien proposamen eta zuzenketa epea igaro ondoren onartu da, eta puntu garrantzitsuenetan okerrera egiten du: funtsezko bermeak ezabatzen dira, hala nola albaitari baten derrigorrezko presentzia eta guraso edo tutoreen idatzizko baimena.
  • Elkarteek zera iragartzen dute:   lanean jarraituko dutela, hezkuntzaren eta herritarren sentsibilizazioaren bidez. animalien sufrimendua eragiten duten administrazioak eta antolatzaileak salatuko dituztela. legea bertan behera uzteko beharrezkoa den ibilbide juridikoa jarraituko dutela.

EAJ-PNVk eta PSE-EEk bultzatutako eta PPk babestutako lege proposamenaren azken testua onartzearen aurrean, kezka sakona agertu dute animalien aldeko eta haurren babeserako elkarteek. Ohartarazi dutenez, arauak babes legala emango die adin txikikoekin eta oso animalia gazteekin egiten diren zezen-ikuskizunei, animalien ongizatearen eta enpatian oinarritutako hezkuntzaren aurkakoak direla uste dute.

Irizpide hauek otsailean eraman zituzten Eusko Legebiltzarrera egindako agerraldien bitartez. Bertan txosten teknikoak eta legea aldatzeko proposamenak aurkeztu ziren. Hori egiteko lanean jarri ziren 25 elkarte biltzen dituen EUSKANBAFED (Euskadiko Animaliak Babesteko Federazioa), Sokamuturra Ez, Haiekin, Gipuzkoa Antitaurina eta gainontzeko elkarteak.

Elkarteek saltzen dutenez, animaliak babesteko euskal legediaren espirituaren kontra jotzen duten praktika onartezinei babes juridikoa ematea erabaki du Eusko Legebiltzarrak, albaitaritza, hezkuntza, zuzenbidea eta haurtzaroaren babeseko profesionalek egindako gomendioak bazterrean utzita. ”Lotza ematen digun legea proposatu eta onartu dute, beste komunitateetako zezenzale espainiarrentzako eredua dena. Guri, berrikuntza esportatzea gustatuko litzaiguke, eta ez animaliei tratu txarrak eragiten dituzten ikuskizunak” azaldu dute.

Halaber, legearen asmoa horrelako ikuskizunak herrietako enparantzetara eramatea dela ohartarazi dute, bigantxen jabeak diren ganaduzaleek eskatzen zuten bezala, beren etekinak handitzeko

EAJ-PNVk eta PSEk aurkeztutako emendakinen arabera, 8 eta 16 urte arteko ume eta gazteek parte hartu ahal izango dute zezen ikuskizunetan (Euskadiko zezen ikuskizunen Arautegiak debekatzen zuena). Animaliei dagokienez, 6 eta 18 hilabete arteko bigantxak erabiliko dira. “Oso gazteak eta zaurgarriak diren animaliei buruz hitz egiten ari gara,  beren taldearengandik urruntzean, garraioan eta jendetzarekin leku itxian egotean beldur handia sentitzen dutenak” azpimarratu dute.

Gainera, haien erretolikan abelburu suharrak aipatzen badute ere, praktikan edozein arrazatako bigantxa gazteak erabiltzen dituzte eta erabili ahal izango dituzte, egoera horien aurrean erantzuteko gaitasun txikiagoa dutenak.

Elkarteen ustez, “oso larria da hasierako testuan agertzen ziren oinarrizko bermeak alderdi politiko horien eraginez desagertu izana.”

Animaliei dagokienez, abereak deskargatzean ez da albaitari kolegiaturik egongo. “Helduen ikuskizunetan albaitariaren presentzia eskatzen bada, arrazoi gehiagorekin exigitu beharko litzateke adin txikikoek eta animalia gazteek parte hartzen duten zezen ikuskizunetan”, adierazi dute.

Adin txikikoei dagokienez, bermeak gehien behar direnean desagertzen dira, umeek zezen ikuskizunetan parte hartzeko baimena benetakoa, egiaztatzeko modukoa eta arduratsua dela bermatu behar denean. “Burugabekeria da parte hartzeko gutxieneko adina 8 urtetan finkatzea eta, aldi berean, gurasoen baimena ezabatzea, parte hartzaileen adina egiaztatzeko modu fidagarria ez dagoela jakinda.” ohartarazi dute elkarte animalistek.

Elkarteen ustez, esanguratsua da parte hartzeko gutxieneko adina 8 urtetik 12ra igotzeko EH Bilduk egindako emendakina errefusatua izan dela. Gauza bera gertatu da legea indarrean sartu baino lehen Eusko Jaurlaritzak adin txikikoengan izango duen eragina baloratzeko proposamenarekin.

Animalien ongizaterako, segurtasunerako eta gardentasunerako emendakinak

Legea tramitatu den bitartean, proposamen mordoa egin dute elkarteek animalien ongizatea, segurtasuna eta gardentasuna areagotzeko. Proposamen horiei esker 15 minutuko muga ezarri da bigantxa bakoitzaren parte hartzerako. Izan ere, oso zaila baitzen muga hori gainditzea, animaliak leher eginda amaitzen dutelako.

Halaber, beroagatiko larrialdi egoerak daudenean zezen ikuskizun hauek bertan behera geratuko direla erabaki da. Iaz, Getxoko sokamuturrean bigantxak ordu luzez egon ziren eguzki galdatan kamioiaren barruan, eta hori kontutan hartuta elkarteek egindako proposamenari esker lortu da. Hesiak seguruagoak izatea ere onartu da, animaliek ihes egiten saiatzen direnean horien kontra jotzen dutelako.

Haatik, ez da onartu ikuskizunak gauzatzeko gehienezko tenperatura ezartzea, erorketak gutxitzeko zorua hobetzea, megafoniaren bolumena murriztea edota alkohola kontsumitzea debekatzeko proposamenak.

Ez dute onartu animalien ongizatearen kontrako arau hauste arin, larriak eta oso larriak argi zehazteko eskaera, ezta begi-bistan ikusten ez diren baina estresa, beldurra edo sufrimendua eragiten duten ekintzak zigortzea ere. Eragindako mina albaitari independente batek aztertzea ere ez dute onartu nahi izan.  “Arautegi argia eta azterketa independentea egon gabe, animalien ongizateri buruz hitz egitea erretolika hutsa da” esan dute.

Orain arte derrigorrezkoa zen udal bakoitzak ikuskizuna herrian sustraituta egoteko agiria mantentzeko eskaera ere baztertu dute, baita arrazoizkoak diren beste eskaera batzuk ere (herri administrazioek ekitaldi horiek bultzatzea edo publizitatea egitea debekatzea, edo animaliak babesteko elkarteak behatzaile akreditatu gisa egotea, lekuko inpartzial gisa eta gardentasuna bermatzeko).

Elkarteek deitoratu egiten dute ohartarazpen horietako asko tramitazioan zehar aintzat hartu ez izana. Gogorarazten dute Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldietan legearen aurka esku hartu zutela zientzialariek, albaitariek, legelariek, hezkuntzako psikologoek eta haurren babeserako adituek, eta agerraldien gehiengoak legearen aurkako jarrera adierazi zuela, edo haren arriskuez ohartarazi zuela.

650 albaitari biltzen dituen AVATMA elkarteak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Albaitaritza saileko irakasle batek eta beste aditu batzuek argi azaldu zuten animalia gazte horiek estresa jasaten dutela beren taldetik aldentzeagatik, garraioagatik, zarataren eraginagatik, leku itxietan egoteagatik eta ihesbiderik ez duten eremuetan jazarpena jasotzeagatik. Adierazi zutenez, “nabarmenak bezain ohikoak diren zauriak eta kolpeak ekiditea ezin da helburu bakarra izan. Ikuskizun hauetan animaliek jasaten duten beldurra, sufrimendua eta estresa ere ekidin behar dira.”

Hezkuntza-dimentsioa

Baina, azaldu dutenez, eztabaida ez da soilik animalien ongizateari buruzkoa. Hezkuntza-dimentsio nabarmena dago, hezkuntza eta psikologia arloko adituek eta Arartekoaren haur eta nerabeen bulegoak argi azaldu duten bezala. Animalien beldurra ikusleen entretenimendurako modu bezala normaltzat hartzen duten ikuskizunetara umeak eta nerabeak eramateak enpatiaren eta zaurgarrienekiko errespetuaren kontrako mezua zabaltzen du. “Animaliekiko enpatian hezitzeak besteekiko enpatia eta elkarbizitza soziala bultzatzen du. Hori ukatzeak izugarrizko atzerapen etikoa eta hezkuntzakoa dakar” diote. Nazio Batuen Erakundeko umeen eskubideak babesteko komiteak dagoeneko eskatu zion estatu espainiarrari zezen ikuskizunetan umeen parte hartzea debekatzea.

Salatzen dutenez “Eusko Legebiltzarrak zientziak esaten duena albo batera uztea erabaki du, eta abeltzainen sektore baten etekin ekonomikoen eta zezenzale amorratuen interesen alde jartzea”.

“Gizarte aurreratua garen heinean ezin gara tradizioan oinarritu animaliekiko tratu txarra justifikatzeko. Euskadik Lekeitioko antzaren auzia konpondu zuen eta animaliak erabiltzen zituzten zirkoak debekatu. Hau antzeko auzia da” azaldu dute elkarteek.

Gizartearen babes handia

Elkarteek gogoratu dutenez, pasa den martxoaren 12an 41.000 sinadura aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean, Change.org plataformaren bidez jasotakoak, lege honen kontra agertzeko eta zezen ikuskizunetan umeak eta oso gazteak diren bigantxak ez erabiltzeko eskatzeko.

Animalisten aburuz, animaliak babesteko euskal legeria nahiko aurreratuta zegoen, baina lege honek atzera pausu nabarmena dakar. “Hemen ez zegoen konpondu behar zen lege hutsunerik. Hemen erabaki politikoa egon da indarrean zegoen legediak argi murrizten zituen ikuskizunak babesteko” esan dute.

Legea dagoeneko onartuta egon arren, elkarteek lanean jarraitzeko asmo irmoa agertu dute, gizarte hezkuntzan, herritarren sentsibilizazioan eta udaletan bereziki. Argi azalduko diete familiei, ikastetxeei eta arduradun publikoei animalien sufrimendua ezin dela aisialdiaren parte izan, ezta umeei helarazi behar zaien kultur ondarearen parte ere.

“Lege batek ikuskizun hauek baimendu ditzake, baina ezin du gizartea onartzera behartu, hezitzaile, etikoa edo beharrezkoa ez delako” diote. “Lanean jarraituko dugu gero eta jende gehiagok ulertzeko animali hauek sufritzen dutena eta gure jaiak animaliekiko tratu txarretatik libre gera daitezen.

Categorías
Euskara

Maiatzaren 12an, Bilboko Jardunaldi Animalistak

Datorren asteartean, maiatzak 12, Sumar Mugimenduak Bilboko Hika Ateneoan antolatutako Jardunaldietan PNV eta PSE-EE k proposatutako Umeentzako Tauromakia bultzatzeko Euskal legeari buruz hitz egiteko aukera izango dugu.

Halaber, Tauromakia Euskaditik desagerrarazteko sinadura bilketari ekin diote. Sinatu hemen.

Informazio gehiago:

Categorías
Castellano Euskara

¿Es Euskal Herria una gran nación? / Euskal Herria nazio handia da?

La grandeza de una nación puede ser juzgada por el modo en que tratan a sus animales.

Nazio baten handitasuna bere animaliak tratatzeko moduagatik epaitu daiteke.

Categorías
Castellano Euskara

Entrega de firmas contra la Ley vasca de Tauromaquia Infantil / Umeentzako Tauromakia bultzatzeko Legearen kontrako sinadurak ematea

El jueves 12 de marzo, a las 12 entregaremos en el Parlamento Vasco las 41.000 firmas recogidas hasta ahora contra la Proposición de Ley vasca de Tauromaquia Infantil.

¡Hay que proteger a la infancia y a los animales!

¡Ven a entregar las firmas a Vitoria-Gasteiz!

Todavía puedes firmar en este enlace:
https://c.org/8h48HvvHt9

+ INFO

Datorren ostegunean, martxoak 12, eguerdiko 12etan, Umeentzako Tauromakia bultzatzeko Euskal lege Proposamenaren kontrako sinadurak aurkeztuko ditugu Eusko Legebiltzarrean.

Umeak eta animaliak babestu behar ditugu !!

Zatoz gurekin Gasteizera!

Oraindik sinatu ahal duzu hemen:
https://c.org/8h48HvvHt9

INFO +

Categorías
Euskara

Umeentzako tauromakia bultzatzeko lege proposamena bertan behera uzteko eskatzen dugu

Umeentzako tauromakia bultzatzeko lege proposamena dela eta, zera esan behar dugu:

1.-  Hemen ez zegoen inolako lege-hutsunerik. Hemen bi debeku argi zeuden, 6 hilabete baino gutxiagoko zekorrak eta txahalak zezen ikuskizunetan erabiltzeko debekua eta 16 urte baino gutxiagoko neska-mutilek parte hartzeko debekua. 2008tik ibili dira ezarritako debekuak sahiesten, baina 2022ean animaliak babesteko euskal legearekin debekuak askoz indartsuak izan dira.

2.- Lege proposamenak izugarrizko atzerakada ekartzen du.

EAJ eta PSE terraplanista bihurtu dira, eta zientziak esaten duena ukatu egiten dute. Zientziak zer esaten digu? Animaliek sentitzen dutela eta bultzatu nahi diren zezen ikuskizunetan asko sufritzen dutela. Eta 6 hilabete baino gutxiagoko zekor eta txahalak erabiltzea astakeria galanta dela.

Umeak zezen ikuskizunetan parte hartzaile izatea ere bultzatu nahi dute lege proposamen honekin. Zientziak zer esaten digu? Indarkeria erabiltzen duten ikuskizunetara umeak eramatea, indarkeria ontzat ematea eta ahulenak direnak txarto tratatzea ontzat emateko ohitura hartuko dute.

Nazio Batuen umeak zezen ikuskizunetara ikusle bezala ez joateko eskatu dio Espainiari. Eta Euskadin bultzatu nahi dena ez da ikusle izatea, parte hartzea baizik.

3.- Aldaketa izugarri hau Euskadiko tradizioen kontra doa. Euskadiko tradizioa zen umeak baserri-eskoletara eramatea, eta ez zezenketara eramatea. Hezkuntza arloko euskal Curriculumak argi uzten du Haur Hezkuntzatik DBHrainoko umeek animalien eskubideak ezagutzen eta errespetatzen ikasi behar dutela. Beraz, lege honek Hezkuntzaren Euskal Curriculumaren kontra ere jotzen du.

4.- Otsailaren 10ean eta gaur Legebiltzarrean agerraldiak egin dituzten aditu guztiek lege honen kontrako argudio ugari aurkeztu dituzte. Legearen alde agertu direnak duela urte bete legea eskatzera etorri ziren ganaduzaleak izan dira. Harrigarria da nola EAJ eta PSE onartu eta irentsi dituzten ganaduzaleen datu faltsuak eta nola jarri dituzten ganaduzaleen interes ekonomikoak beste guztiaren gainean.

Beraz, EAJ eta PSEri Zientziak esaten duenaren aurrean terraplanistak ez izatea eskatzen diegu, umeak eta animaliak babesteko euskal tradizioa eta euskal legeak errespetatzea eskatzen diegu, Nazio Batuen Erakundearen gomendioen kontra ez jotzea eskatzen diegu. Beraz, umeentzako tauromakia bultzatzeko lege proposamena bertan behera uztea eskatzen diegu.

Categorías
Euskara

Abeltzainen zerbitzura egiten dute Legea

EAJ-PNVk eta PSE-k aurkeztutako Haurren Tauromakiari buruzko Lege Proposamena eztabaidatu zen Eusko Legebiltzarrean, eta argi utzi zuen legea egiten saiatzen ari direla abeltzaintzako enpresen aginduei jarraiki, haien gezurrak inolako egiaztapenik egin gabe erosi baitituzte.

Parlamentuko hainbat taldek azaldu zutenez, Lege proposamen honen jatorria Euskal Zezenzale Elkarteak eta Euskal Larrabehi Elkarteak egindako eskaera eta agerraldian dago. Eskaera eta agerraldi horien helburua azken urteetan bigantxen ustiategietan eta hainbat udalerritan etxeko animalien ongizatearen legea indarrean sartu zenetik bizi izan dituzten egoeren eta jasandako kalteen berri ematea zen, baita etorkizunari begira konponbide egokia izan litekeen dekretu-proposamen bat helaraztea ere.

Sektore honetako abeltzainek agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, 2025eko otsailaren 26an. Saioaren transkripzioak islatzen duenaren arabera, (or. 50 eta ondorengoak) bertara joan ziren:

  • Euskal Zezenzale Elkartearen izenean, ALBARA GANADUTEGIAren jabea, Zezenketako ganadutegien Elkarteko kidea eta Euskal Larrabehi Elkarteko koordinatzailea.
  • Euskal Larrabehi Elkartearen izenean, BERGARAKO ZEZENAK ganadutegiko jabea eta Euskal Zezenzale Elkarteko batzordekidea

Elkarte horien zuzendaritza-batzordeetan beste ganadutegi batzuetako jabeak eta ordezkariak agertzen dira:

  • Arno Ganadutegia
  • Lastur Ganadutegia
  • Marqués de Saka
  • Ruso zezenak
  • Manzarbeitia Ganadutegia

Datuak faltsutu dituzte

Lege proposamenaren barruan, abeltzainek emandako datu bat dago; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroan eta Iparraldean adingabeentzako 1.000 ikuskizun egin dituztela diote.
Hala ere, datu ofizialek zifra hori erabat gezurtatzen dute:

La tabla, refleja los datos oficiales de la Comisión Vasca de Asuntos Taurinos celebrados en la Comunidad Autónoma Vasca entre los años 2012 y 2023.

Era berean, gezurra da Nafarroan adingabeen parte-hartzea legezkoa dela, izan ere, 1992tik indarrean dagoen Foru Erkidegoko zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 91. artikuluak debekatu egiten du 16 urtetik beherakoek zezen-jaialdi tradizionaletan parte hartzea, eta enpresa antolatzaileei adin hori 18 urtera arte igotzeko aukera ere ematen die.

2020an argitaratutako elkarrizketa batean, abeltzainen elkarteko batzarkide batek beste datu bat eman zuen: urtero 500 ikuskizun egiten dituztela Euskal Herriko hegoaldean. Anima Naturalis-en arabera, Nafarroan urtean mota guztietako 1.591 zezen ikuskizun egiten direla kontuan hartuta, ez litzateke arraroa izango EAEko ganadutegiek horietako 300etan ganadua jartzea, eta horrela 500 zifra hori emango lukete, baina inoiz ez 16 urtetik beherakoekin.

Legezko hutsunea deitzen diote bi debeku espresu direnari

EAJk eta PSEk lege-proposamena justifikatu zuten esanez bazegoela hutsune legal bat adingabeekin zekorketak egin nahi zituztenei segurtasun juridikorik ematen ez ziena.

Hala ere, bazeuden bi debeku oso argi, Euskadiko Zezen Ikuskizunen Araudiak 2008. urtetik ezarriak:

  • 93.1 artikuluak 16 urtetik beherakoek soilik ikusle gisa parte har dezaketela ezartzen du.
  • 1.2 artikuluak argi eta garbi baztertzen ditu bizirik 60 kilo baino gutxiago pisatzen duten abereekin egindako ikuskizunak. Pisu horren azpitik zekorrak baztertzea lege-iruzur gisa baliatu zen iraganean ekitaldiak antolatzeko, eta, hala, ohiko jaialdi baten berme eta betebehar legalak saihestu ziren.

Gainera, Animalien Ongizateari buruzko Euskal Legearen 38.2 e) artikuluak arau-hauste larritzat jotzen du 6 hilabetetik beherako animaliak edozein jardueratan parte hartzera behartzea. Halaber, ikuskizun ibiltariak ere debekatu zituen.

Beraz, EAJren eta PSEren Lege proposamenaren helburua ez da hutsune bakar bat ere betetzea, baizik eta debekatuta dagoena legeztatzea:

  • 16 urtetik beherako haurrek, gurasoen edo tutoreen baimena badute, zekorketetan edo sokamuturretan aktiboki parte hartzea nahi dute. 14 urtetik beherakoek, gainera, adinez nagusi den pertsona batekin joan behar dute. Eta ondo baino hobeto dakite kalean eta jai giroan ezinezkoa dela ez adina, ez baimenak, ez akonpainamendua kontrolatzea. Are gutxiago 14 urtetik beherakoek NANa izateko legezko betebeharrik ez dutenean. familia Liburua eskatuko diete?
  • Txahal txikien pisuaren irizpidea adinarenarekin ordezten dute, 18 hilabete arteko animaliei parte hartzen utziz, baina gutxieneko adina ezarri gabe; horrela, jaio berriak diren txahal txikien parte-hartzea legeztatuko litzateke.

Irudian hilabete bateko txahal txikia umeekin egindako zezen ikuskizunean.
(iturria: AVATMAren txostena)

2023ko urtarriletik 2024ko urtarrilera bitartean Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarri zuen Euskadin animaliek ikuskizun publikoetan parte hartzeko dituzten ongizate-baldintzei buruzko Dekretuaren zirriborroaren 3. artikuluaren arabera, ikuskizunetan animaliek parte hartzeko gutxienez 60 kilo eduki behar zituzten. Jaietan parte hartzeko adinaren aldaketarik ere ez zegoen. Baina Dekretu hori ez da argitara atera.

Haiekin elkartearen salaketa

Haiekin elkarte animalistak salatu duenez, EAJk eta PSE-EEk «gezurra» esan diote gizarteari, 16 urtetik beherakoen parte-hartzea eta abelburu txikiak dituzten zezenketak arautzeko lege bat onartu behar dela argudiatuta. Irakurri bere komunikatu osoa hemen.

Premiazko prozedura: ZERGATIAK

Abeltzaintzako enpresariek Gipuzkoako Aldundiari eskatu zioten adingabeekin eta txahal txikiekin festak egiteko baimena, baina ezetz esan zieten. Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari eskatu zioten, eta zezenketen Araudian artikulu bereziren bat gehitzeko aukeraz hitz egin zieten, baina esan zieten dekretua aldatzea oso prozesu luzea zela, alegazio-prozesu baten mende jarri behar zelako, eta Legebiltzarrera joatea eta lege bat eskatzea iradoki zieten, eta hori egin zuten.

Prozesu azkarra nahi dute, alegaziorik gabe eta kanpoko ekarpenik gabe.

Animalien ongizaterako euskal legea XI. legegintzaldian hasi zen lantzen, eta aho batez onartu zen 1993ko legearen erreformari ekiteko proposamena, baina oso denbora gutxi falta izan zitzaion onartua izateko. XII. legegintzaldian, EAJk eta PSEk lege-proposamen bat aurkeztu zuten 2021eko ekainaren 2an, eta gainerako legebiltzar-taldeen ekarpenak jaso zituen, baita adituen, legelarien eta gizarte-eragileen ekarpenak ere; ahots ospetsu eta kontraesankorrak izan ziren, eta aukera eman zuten 2022ko ekainean onartu zen testua hobetzeko. Eusko Jaurlaritzak zera adierazi zuen:

«Legeak babes sozial eta instituzional handia izan du oinarri, eta, haren bidez, Euskadi gizarte aurreratuagoa eta zibilizatuagoa izango da animalien tratuari dagokionez«

Premiazko prozedura: ONDORIOAK

Animalien Ongizatearen Legeak ezarritakoa adosteko garatu zen prozesu osoa mespretxatu da.

Debeku bat zegoen tokian hutsune bat dagoela dioen kontakizuna erosi da. Ez da egon kontrasterik, ez egiaztapenik, ezta daturik oinarrizkoenena ere.

Proposamena «irakurketa bakarreko» prozeduraren bidez onartzea ere proposatu da, hau da, egun berean bozkatzea izapidetzeko onarpena eta legea bera, baina horretarako beharrezkoa zen Legebiltzarreko Mahaian aho batez onartzea, eta hori ez da gertatu EH Bilduk aurkako botoa ematen duelako.

Beraz, zuzenketak egiteko prozesua egongo da, eta adituen eta gizarte-eragileen agerraldiak ere egongo dira, nahiz eta epeak laburragoak izan.

Baina ez dira egongo 16 urtetik beherakoei eragiten dien edozein legek eskatuko lituzkeen nahitaezko txostenak.

Nazionalismo zezenzale suminduak

Bitxia da nola batzuek zezenketak euskal herriaren esentzia hobekien adierazten duen tradiziotzat hartzen dituzten eta beste batzuek espainiartasunaren esentziatzat.

Nolanahi ere, alderdi demokratikoek bere buruari galdetu egin beharko liokete ea zuzen jokatzen ari ote diren.

Beren hauteskunde-programetan eta gobernu-akordioetan agertzen ez zen proposamen bat sustatzen ari dira, alderdi horiek Eusko Legebiltzarretik eta Jaurlaritzatik orain arte ezarri dutenarekin eta udal askotan animalien defentsan egin dutenarekin nabarmen kontraesanean dagoena.

Denak ez du balio abeltzain sektore baten negoziorako ona den bitartean; izan ere, gero eta jende gutxiago joaten da beren zezen-ikuskizunetara, eta parte-hartzaileen bila jotzen dute neska-mutikoengana.

Edonola ere, tradizioak eguneratu eta berrikusi egin beharko lirateke gizarteak eta haien balioak aldatzen diren heinean. Hala adierazi zuen hasieran EAJko legebiltzarkide batek Batzordean, animalien ongizateak egungo gizartearentzat duen garrantzia aitortuz. PSEren programak ere aipatzen zuen beharrezkoa zela tradizioen eta gaur egun horiekin bizi diren herritarren arteko sozializazioa.

Hori guztia ez da zure lege-proposamenean jaso. Kultur ondare immaterial bat asmatu dute, eta animaliak babestea erabat ahaztu dute, zutik egon daitezkeenetik erabili ahal izatea ahalbidetuz, eta ikuskizun hauek animaliengan sortzen duten sufrimendu guztia alboratuz. Errealitate horren aurrean, animaliei errespetatu behar zaiela adierazten duten oharrak ez dira paper bustia besterik, Sokamuturretan megafoniaz bigantxa ez heltzeko eskatuz ematen dituzten mezuak bezala, parte-hartzaileek animalia goratzen edo hesien kontra bultzatzen duten bitartean.

Pastelaren ginga
Legebiltzarreko batzordearen eztabaidaren une gorena PPko legebiltzarkide batek eman zuen, «bigantxarik gabeko herri bateko jaiak askoz tristeagoak» direla esan zuenean. Anima Naturalisen ikerketa horretako datuak kontuan hartzen baditugu, Euskadiko herrietako jaien %82a oso tristeak dira.

Benetan tristea da zenbait pertsona, alderdi eta erakundek uste izatea ezinezkoa dela ondo pasatzea animaliei sufrimendua eragin gabe, eta orain diru publikoarekin sustatu nahi dutela ikustea.

Informazio gehiago:

Haurren Tauromakiaren Lege Proposamenaren aurka azaroaren 30ean egin zen protestarako deialdia egin zuten talde animalistek egindako informazioak eta lanak biltzen ditu argitalpen honek, hots, HaiekinSokamuturra EZGureakGipuzkoa Antitaurina eta animaliak babesteko euskal Federakundearen lana (Euskanbafed),  animalien defentsan diharduten 40 talde baino gehiagoren babesa jaso duena.