- EUSKO LEGEBILTZARRAK ZEZEN-IKUSKIZUNAK LEGEZTATZEN DITU ADINGABEEKIN ETA BIGANTXA TXIKIEKIN, ZIENTZIAREN ETA GIZARTEAREN ALDETIK GAITZESPENA IZAN ARREN
- Elkarte animalistek salatu dute lege berriak, EAJ-PNV eta PSE-EEren ekimenez, 8 eta 16 urte bitarteko adingabeekin eta 6 eta 18 hilabete bitarteko bigantxekin egiten diren zezenketak legeztatzen dituela, orain arte Euskadin debekatuta zeudenak.
- Legearen azken testua elkarte eta alderdien proposamen eta zuzenketa epea igaro ondoren onartu da, eta puntu garrantzitsuenetan okerrera egiten du: funtsezko bermeak ezabatzen dira, hala nola albaitari baten derrigorrezko presentzia eta guraso edo tutoreen idatzizko baimena.
- Elkarteek zera iragartzen dute: lanean jarraituko dutela, hezkuntzaren eta herritarren sentsibilizazioaren bidez. animalien sufrimendua eragiten duten administrazioak eta antolatzaileak salatuko dituztela. legea bertan behera uzteko beharrezkoa den ibilbide juridikoa jarraituko dutela.
EAJ-PNVk eta PSE-EEk bultzatutako eta PPk babestutako lege proposamenaren azken testua onartzearen aurrean, kezka sakona agertu dute animalien aldeko eta haurren babeserako elkarteek. Ohartarazi dutenez, arauak babes legala emango die adin txikikoekin eta oso animalia gazteekin egiten diren zezen-ikuskizunei, animalien ongizatearen eta enpatian oinarritutako hezkuntzaren aurkakoak direla uste dute.
Irizpide hauek otsailean eraman zituzten Eusko Legebiltzarrera egindako agerraldien bitartez. Bertan txosten teknikoak eta legea aldatzeko proposamenak aurkeztu ziren. Hori egiteko lanean jarri ziren 25 elkarte biltzen dituen EUSKANBAFED (Euskadiko Animaliak Babesteko Federazioa), Sokamuturra Ez, Haiekin, Gipuzkoa Antitaurina eta gainontzeko elkarteak.
Elkarteek saltzen dutenez, animaliak babesteko euskal legediaren espirituaren kontra jotzen duten praktika onartezinei babes juridikoa ematea erabaki du Eusko Legebiltzarrak, albaitaritza, hezkuntza, zuzenbidea eta haurtzaroaren babeseko profesionalek egindako gomendioak bazterrean utzita. ”Lotza ematen digun legea proposatu eta onartu dute, beste komunitateetako zezenzale espainiarrentzako eredua dena. Guri, berrikuntza esportatzea gustatuko litzaiguke, eta ez animaliei tratu txarrak eragiten dituzten ikuskizunak” azaldu dute.
Halaber, legearen asmoa horrelako ikuskizunak herrietako enparantzetara eramatea dela ohartarazi dute, bigantxen jabeak diren ganaduzaleek eskatzen zuten bezala, beren etekinak handitzeko
EAJ-PNVk eta PSEk aurkeztutako emendakinen arabera, 8 eta 16 urte arteko ume eta gazteek parte hartu ahal izango dute zezen ikuskizunetan (Euskadiko zezen ikuskizunen Arautegiak debekatzen zuena). Animaliei dagokienez, 6 eta 18 hilabete arteko bigantxak erabiliko dira. “Oso gazteak eta zaurgarriak diren animaliei buruz hitz egiten ari gara, beren taldearengandik urruntzean, garraioan eta jendetzarekin leku itxian egotean beldur handia sentitzen dutenak” azpimarratu dute.
Gainera, haien erretolikan abelburu suharrak aipatzen badute ere, praktikan edozein arrazatako bigantxa gazteak erabiltzen dituzte eta erabili ahal izango dituzte, egoera horien aurrean erantzuteko gaitasun txikiagoa dutenak.
Elkarteen ustez, “oso larria da hasierako testuan agertzen ziren oinarrizko bermeak alderdi politiko horien eraginez desagertu izana.”
Animaliei dagokienez, abereak deskargatzean ez da albaitari kolegiaturik egongo. “Helduen ikuskizunetan albaitariaren presentzia eskatzen bada, arrazoi gehiagorekin exigitu beharko litzateke adin txikikoek eta animalia gazteek parte hartzen duten zezen ikuskizunetan”, adierazi dute.
Adin txikikoei dagokienez, bermeak gehien behar direnean desagertzen dira, umeek zezen ikuskizunetan parte hartzeko baimena benetakoa, egiaztatzeko modukoa eta arduratsua dela bermatu behar denean. “Burugabekeria da parte hartzeko gutxieneko adina 8 urtetan finkatzea eta, aldi berean, gurasoen baimena ezabatzea, parte hartzaileen adina egiaztatzeko modu fidagarria ez dagoela jakinda.” ohartarazi dute elkarte animalistek.
Elkarteen ustez, esanguratsua da parte hartzeko gutxieneko adina 8 urtetik 12ra igotzeko EH Bilduk egindako emendakina errefusatua izan dela. Gauza bera gertatu da legea indarrean sartu baino lehen Eusko Jaurlaritzak adin txikikoengan izango duen eragina baloratzeko proposamenarekin.
Animalien ongizaterako, segurtasunerako eta gardentasunerako emendakinak
Legea tramitatu den bitartean, proposamen mordoa egin dute elkarteek animalien ongizatea, segurtasuna eta gardentasuna areagotzeko. Proposamen horiei esker 15 minutuko muga ezarri da bigantxa bakoitzaren parte hartzerako. Izan ere, oso zaila baitzen muga hori gainditzea, animaliak leher eginda amaitzen dutelako.
Halaber, beroagatiko larrialdi egoerak daudenean zezen ikuskizun hauek bertan behera geratuko direla erabaki da. Iaz, Getxoko sokamuturrean bigantxak ordu luzez egon ziren eguzki galdatan kamioiaren barruan, eta hori kontutan hartuta elkarteek egindako proposamenari esker lortu da. Hesiak seguruagoak izatea ere onartu da, animaliek ihes egiten saiatzen direnean horien kontra jotzen dutelako.
Haatik, ez da onartu ikuskizunak gauzatzeko gehienezko tenperatura ezartzea, erorketak gutxitzeko zorua hobetzea, megafoniaren bolumena murriztea edota alkohola kontsumitzea debekatzeko proposamenak.
Ez dute onartu animalien ongizatearen kontrako arau hauste arin, larriak eta oso larriak argi zehazteko eskaera, ezta begi-bistan ikusten ez diren baina estresa, beldurra edo sufrimendua eragiten duten ekintzak zigortzea ere. Eragindako mina albaitari independente batek aztertzea ere ez dute onartu nahi izan. “Arautegi argia eta azterketa independentea egon gabe, animalien ongizateri buruz hitz egitea erretolika hutsa da” esan dute.
Orain arte derrigorrezkoa zen udal bakoitzak ikuskizuna herrian sustraituta egoteko agiria mantentzeko eskaera ere baztertu dute, baita arrazoizkoak diren beste eskaera batzuk ere (herri administrazioek ekitaldi horiek bultzatzea edo publizitatea egitea debekatzea, edo animaliak babesteko elkarteak behatzaile akreditatu gisa egotea, lekuko inpartzial gisa eta gardentasuna bermatzeko).
Elkarteek deitoratu egiten dute ohartarazpen horietako asko tramitazioan zehar aintzat hartu ez izana. Gogorarazten dute Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldietan legearen aurka esku hartu zutela zientzialariek, albaitariek, legelariek, hezkuntzako psikologoek eta haurren babeserako adituek, eta agerraldien gehiengoak legearen aurkako jarrera adierazi zuela, edo haren arriskuez ohartarazi zuela.
650 albaitari biltzen dituen AVATMA elkarteak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Albaitaritza saileko irakasle batek eta beste aditu batzuek argi azaldu zuten animalia gazte horiek estresa jasaten dutela beren taldetik aldentzeagatik, garraioagatik, zarataren eraginagatik, leku itxietan egoteagatik eta ihesbiderik ez duten eremuetan jazarpena jasotzeagatik. Adierazi zutenez, “nabarmenak bezain ohikoak diren zauriak eta kolpeak ekiditea ezin da helburu bakarra izan. Ikuskizun hauetan animaliek jasaten duten beldurra, sufrimendua eta estresa ere ekidin behar dira.”
Hezkuntza-dimentsioa
Baina, azaldu dutenez, eztabaida ez da soilik animalien ongizateari buruzkoa. Hezkuntza-dimentsio nabarmena dago, hezkuntza eta psikologia arloko adituek eta Arartekoaren haur eta nerabeen bulegoak argi azaldu duten bezala. Animalien beldurra ikusleen entretenimendurako modu bezala normaltzat hartzen duten ikuskizunetara umeak eta nerabeak eramateak enpatiaren eta zaurgarrienekiko errespetuaren kontrako mezua zabaltzen du. “Animaliekiko enpatian hezitzeak besteekiko enpatia eta elkarbizitza soziala bultzatzen du. Hori ukatzeak izugarrizko atzerapen etikoa eta hezkuntzakoa dakar” diote. Nazio Batuen Erakundeko umeen eskubideak babesteko komiteak dagoeneko eskatu zion estatu espainiarrari zezen ikuskizunetan umeen parte hartzea debekatzea.
Salatzen dutenez “Eusko Legebiltzarrak zientziak esaten duena albo batera uztea erabaki du, eta abeltzainen sektore baten etekin ekonomikoen eta zezenzale amorratuen interesen alde jartzea”.
“Gizarte aurreratua garen heinean ezin gara tradizioan oinarritu animaliekiko tratu txarra justifikatzeko. Euskadik Lekeitioko antzaren auzia konpondu zuen eta animaliak erabiltzen zituzten zirkoak debekatu. Hau antzeko auzia da” azaldu dute elkarteek.
Gizartearen babes handia
Elkarteek gogoratu dutenez, pasa den martxoaren 12an 41.000 sinadura aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean, Change.org plataformaren bidez jasotakoak, lege honen kontra agertzeko eta zezen ikuskizunetan umeak eta oso gazteak diren bigantxak ez erabiltzeko eskatzeko.
Animalisten aburuz, animaliak babesteko euskal legeria nahiko aurreratuta zegoen, baina lege honek atzera pausu nabarmena dakar. “Hemen ez zegoen konpondu behar zen lege hutsunerik. Hemen erabaki politikoa egon da indarrean zegoen legediak argi murrizten zituen ikuskizunak babesteko” esan dute.
Legea dagoeneko onartuta egon arren, elkarteek lanean jarraitzeko asmo irmoa agertu dute, gizarte hezkuntzan, herritarren sentsibilizazioan eta udaletan bereziki. Argi azalduko diete familiei, ikastetxeei eta arduradun publikoei animalien sufrimendua ezin dela aisialdiaren parte izan, ezta umeei helarazi behar zaien kultur ondarearen parte ere.
“Lege batek ikuskizun hauek baimendu ditzake, baina ezin du gizartea onartzera behartu, hezitzaile, etikoa edo beharrezkoa ez delako” diote. “Lanean jarraituko dugu gero eta jende gehiagok ulertzeko animali hauek sufritzen dutena eta gure jaiak animaliekiko tratu txarretatik libre gera daitezen.
