Categorías
Euskara

Sokamuturra Eibarren inposatzea salatu dute

Animalien aldeko 40 elkarte, gizarte-kolektibo eta 600 eibartar baino gehiago animalien eskubideez eta haurrei zein gazteei transmititzen dizkiegun balioez kezkatuta agertu dira plazaratu duten adierazpenean.

Eibar ia hamar urtez sokamuturik gabeko udalerria izan da. Gogorarazi nahi dugu Eibarren sokamuturra desagertzea ez zela kasualitatea izan: urteetako mobilizazioaren eta herritarren sentsibilizazioaren emaitza izan zen. Horri esker, animaliarik gabeko jaietarako bidean aurrera egitea lortu baitzen, baita zezen-plaza ixtea ere.

Hala ere, aurten alkateak alde bakarrez erabaki du jai-egitarauan sokamuturra behin bakarrik ez, baizik eta hiru sokamutur jarraian txertatzea San Juan jaieko programazioan. Erabaki hori behar bezalako adostasun sozial eta politikorik gabe hartu da, eta gure ustez errealitatea islatzen ez duten argudioak erabiliz, hala nola «gazteek eskatu dutela» esatea.

Horregatik harrigarria da Eibarko alkateak, Euskadiko Alderdi Sozialistako kide izanik —bere burua aurrerakoi gisa aurkezten duen eta animalien ongizatea bere konpromisoen artean jasotzen duen alderdi bateko ordezkari gisa—, kontrako norabidean doan erabaki hau hartu izana. Izan ere, neurri horrek ez ditu aintzat hartzen NBE bezalako nazioarteko erakundeen gomendioak haurrek ikuskizun taurinoekiko duten esposizioari buruz, ezta Agenda 2030ean jasotako izaki bizidun guztiekiko errespetuaren balioak ere.

Komunikatu hau sinatzen dugun animalien aldeko elkarteok, norbanakoekin batera, gure desadostasun sakona adierazi nahi dugu erabaki honen aurrean.. Sokamuturraren itzulera hau inposamena da, eta  atzerapauso nabarmena dakar animalien ongizateari dagokionez. Erabaki honek,animalien sufrimendu eta tratu txarrak tratu txarrak plaza publikoan normalizatzea dakar, eta haurrei zein gazteei helarazten die aisialdia izaki zaurgarrien beldurraren eta sufrimenduaren gainean eraiki daitekeela.

Gainera, gogorarazi nahi dugu hau ez dela gertakari isolatua. Duela urtebete inguru, 2025eko maiatzean, Eibarko Udalak zezenzaleen elkarte bati udal-lokal bat 10 urtez doan lagatzea onartu zuen. Orain, hiru sokamutur berreskuratzea bigarren urratsa da tauromakia berriz ere herrian sustatzeko eta indartzeko bidean, ia hamarkada batez animaliarik gabeko jai-eredu baten alde egin duen  udalerri batean.

Zientziak frogatu du ikuskizun hauetan erabiltzen diren animaliek sufrimendu fisikoa eta psikologikoa pairatzen dutela: beldurra, estresa, ihes egiteko saiakerak, erorketak eta babesgabetasun egoera. Ez dira entretenimendurako objektuak. Sentitzeko gai diren animaliak dira.

Salatu nahi dugu, halaber, ikuskizun mota hauek interes ekonomiko oso zehatzei erantzuten dietela, zezen-ganadutegiei lotutako sektore minoritarioen interesei, alegia. Sektore honek ekitaldi gehiago antolatu eta  beren etekinak handitu nahi baititu zenbait arduradun politikoren babesarekin. Jarduteko modu hori beste arlo batzuetan ere ikusten ari gara, hala nola Eusko Legebiltzarrean laster onartuko den haurren tauromakiaren legean.

Jai modernoak, parte-hartzaileak, berdintasunean oinarritutakoak eta sufrimendurik gabekoak nahi ditugu. Pertsona guztiek gozatzeko moduko jaiak, animaliak dibertsiorako erabili gabe. Badira indarkeriarik gabe festak ospatzeko beste hamaika modu; bestelako alternatiba kultural, kirol eta herrikoi ugari daude.

Horregatik guztiagatik, elkarte sinatzaileok eta animalien ongizatearekin konprometitutako herritarrok dei egiten dugu ekainaren 16an, asteartea, 19:00etan Eibarko Untzaga plazan egin den elkarretaratze baketsuan parte hartzera, atzerapauso honen aurkako jarrera erakusteko eta errespetuan oinarritutako jaiak defendatzeko.

Gaur, ekainak 18, arratsaldeko 6retan, Eibarko Udaletxeko osoko bilkura berezia egingo da, EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko zinegotziek eskatuta Sokamuturrari buruz hitz egiteko. Sarrera librea da, gehienezko jende kopurua bete arte.

Osoko bilkurak erabakitakoa kontutan hartu gabe alkateak aurtengo sokamuturrak mantentzea erabakiko balu, Elkarretaratze baketsuak egingo lirateke ekainaren 21ean, 24ean eta 25ean, goizeko 8etan, Untzaga Plazan bertan.

Animalien alde.
Haur eta gazteen alde.
Jaiak bai, baina animalien sufrimendurik gabe.

Sinatzaileak:
EUSKANBAFED (Animaliak Babesteko Euskal Federazioa, 25 elkarte)
Haiekin
Sokamuturra Ez
Gureak Elkartea
Gipuzkoa Antitaurina
Marcan Huella
Katubeltz
Oinatz
Biziraun
Marasmia, Eibarko talde feminista
Matraka, Eibarko gazte feministak
Ebarko Gaztetxia
NOR Euskal Herria Antiespezista
AIA (Aska Itzank Animaliyak)
Iruñea Antitaurina
Zaunk! Iruñerria Antiespezista
Animalistak
Kinka, Donostialdeko Autonomoen Sarea
CAS International
Eurogroup for Animals
Antibullfighting Network/Red Antitauromaquia (12 herrialdetako 60 elkarte)
ANDA (Asociación Nacional para la Defensa de los Animales)
ANPBA (Asociación Nacional para la Protección y Bienestar de los Animales)
Leioa contra el Maltrato Animal-Animaliekiko Tratu Txarrik Ez

INFO +:

Categorías
Euskara

Tradizioa ala sistema sostengatzen duen soka?

Saioa J. San Martinek Sokamuturrari buruz idatzitako iritzi artikulua, GARA egunkarian eta NAIZ hedabide digitalean 2026ko ekainaren 9an argitaratua. Lehenago eta kitto!! web gunean argitaratu zen ekainaren 5ean.

Tiraka eta bultzaka atera naute etxetik. Ez dakit nora naramaten, zertara. Nire atzean hiru pertsona daude. Kamioi antzeko batera sartu eta bertan botata laga naute. Nora noa? Ez dakit. Soka batekin lepotik lotu, eta kalean utzi naute, Nora noa? Zer egiten dut? Jendea inguruan pilatzen hasi da. Oihuak entzuten ditut, barreak, pausoak. Sokak lepoa estutzen dit mugimendu bakoitzean. Aurrera egiten dut, nahiz eta egin nahi dudan bakarra ihes egitea den. Ez dakit nori edo zeri izan behar diodan beldur. Nik ihes egin nahi dut bakarrik. Besteek festa deitzen diote». 

Sokamuturra. Benetako tradizioa ala sistema sostengatzen duen (ala saiatzen den) soka? Betidanik pentsatu dugu tradizioa aldaezina den zerbait dela, ze, noski, nola aldatuko dugu betidanik existitu izan den joko eta festa bat? Neure buruari asko galdetzen diodan gauza da; benetan norbaitek festa bat ospatzeko tratu txarra behar dela uste du? Edo benetan norbaitek uste du animaliek guk baino eskubide gutxiago dutela zainduak izateko? Noiztik da gure morala zezen batek duena baino altuago eta baliotsuagoa? 

Agian, praktika hau ez da tradizioagatik egiten den zerbait, baizik eta sistema islatzen duen erakusle argia, tradizioaren izenean estalita.

Badira sufrimenduak, ikusezin bihurtzen direnak, sufritzen duenak hitz egiteko aukerarik ez duenean, noski. Sokamuturra ez da ausardia. Ezer ez da kultura, beldurra erdigunean dagoenean. Ez da nortasuna, gorputz baten menpekotasuna behar duenean bere burua mantentzeko. Simone de Beauvoirrek idatzi zuen bezala, «emakume ez da jaiotzen, egin egiten da». Eta agian tradizioekin ere gauza bera ulertu beharko genuke: ezer ez dela sakratu jaiotzen. Eraiki egiten dela. Errepikatu egiten dela. Eta mantentzea erabakitzen dela. Horregatik, zalantzan jarri ere egin daiteke. Apurtu ere bai. 

Festatzat saltzen diguten zarata da, dardara ez entzuteko. Zezenaren korrika erakusten digute, baina ez haren begiak. Irakatsi digute besteen sufrimenduak gutxiago pisatzen duela, inguruan musika, alkohola eta barreak badaude. Baina nik ezin dut gehiago horrela ikusi.

Plaza dardarka dagoen bitartean, animalia bat ihesi doa. Norbaitek oihu egin eta edalontzia altxatzen duen bitartean, beste gorputz batek izuaren esanahia ikasten du. Eta agian tristeena ez da lepoan duen soka. Ez tiraka daramaten eskuak. Ez irteera guztiak ixten dizkion jendetza. Agian tristeena da konturatzea munstroa ez dela inoiz zezena izan. Munstroa ohitura izan dela. Isiltasuna. Odola darion tradizio bat defendatzeko gai den indiferentzia kolektiboa.

Eta orduan zezena korrika hasten da. Ez du ingurukoen hizkuntza ulertzen. Ez ditu haien oihuak ulertzen. Ez daki zergatik dauden denak bere kontra, baina korrika egiten du. Ihes egiten saiatzen da. Eta momentu horretan, zezena izateari uzten dio. Amorru bihurtzen da. Nekea. Memoria. Besteen erosotasunagatik isilik sufritzera behartutako gorputz guztien sinbolo. Eta guk, harmailetan, geure burua ikusten hasi beharko genuke behingoz. Zeren eta tradizio baten izenean mina normalizatzen denean, ez baitu animaliak bakarrik galtzen bere askatasuna. Gizatasuna galtzen ere hasten gara.

INFO +: