Categorías
Euskara

Tradizioa ala sistema sostengatzen duen soka?

Saioa J. San Martinek Sokamuturrari buruz idatzitako iritzi artikulua, GARA egunkarian eta NAIZ hedabide digitalean 2026ko ekainaren 9an argitaratua. Lehenago eta kitto!! web gunean argitaratu zen ekainaren 5ean.

Tiraka eta bultzaka atera naute etxetik. Ez dakit nora naramaten, zertara. Nire atzean hiru pertsona daude. Kamioi antzeko batera sartu eta bertan botata laga naute. Nora noa? Ez dakit. Soka batekin lepotik lotu, eta kalean utzi naute, Nora noa? Zer egiten dut? Jendea inguruan pilatzen hasi da. Oihuak entzuten ditut, barreak, pausoak. Sokak lepoa estutzen dit mugimendu bakoitzean. Aurrera egiten dut, nahiz eta egin nahi dudan bakarra ihes egitea den. Ez dakit nori edo zeri izan behar diodan beldur. Nik ihes egin nahi dut bakarrik. Besteek festa deitzen diote». 

Sokamuturra. Benetako tradizioa ala sistema sostengatzen duen (ala saiatzen den) soka? Betidanik pentsatu dugu tradizioa aldaezina den zerbait dela, ze, noski, nola aldatuko dugu betidanik existitu izan den joko eta festa bat? Neure buruari asko galdetzen diodan gauza da; benetan norbaitek festa bat ospatzeko tratu txarra behar dela uste du? Edo benetan norbaitek uste du animaliek guk baino eskubide gutxiago dutela zainduak izateko? Noiztik da gure morala zezen batek duena baino altuago eta baliotsuagoa? 

Agian, praktika hau ez da tradizioagatik egiten den zerbait, baizik eta sistema islatzen duen erakusle argia, tradizioaren izenean estalita.

Badira sufrimenduak, ikusezin bihurtzen direnak, sufritzen duenak hitz egiteko aukerarik ez duenean, noski. Sokamuturra ez da ausardia. Ezer ez da kultura, beldurra erdigunean dagoenean. Ez da nortasuna, gorputz baten menpekotasuna behar duenean bere burua mantentzeko. Simone de Beauvoirrek idatzi zuen bezala, «emakume ez da jaiotzen, egin egiten da». Eta agian tradizioekin ere gauza bera ulertu beharko genuke: ezer ez dela sakratu jaiotzen. Eraiki egiten dela. Errepikatu egiten dela. Eta mantentzea erabakitzen dela. Horregatik, zalantzan jarri ere egin daiteke. Apurtu ere bai. 

Festatzat saltzen diguten zarata da, dardara ez entzuteko. Zezenaren korrika erakusten digute, baina ez haren begiak. Irakatsi digute besteen sufrimenduak gutxiago pisatzen duela, inguruan musika, alkohola eta barreak badaude. Baina nik ezin dut gehiago horrela ikusi.

Plaza dardarka dagoen bitartean, animalia bat ihesi doa. Norbaitek oihu egin eta edalontzia altxatzen duen bitartean, beste gorputz batek izuaren esanahia ikasten du. Eta agian tristeena ez da lepoan duen soka. Ez tiraka daramaten eskuak. Ez irteera guztiak ixten dizkion jendetza. Agian tristeena da konturatzea munstroa ez dela inoiz zezena izan. Munstroa ohitura izan dela. Isiltasuna. Odola darion tradizio bat defendatzeko gai den indiferentzia kolektiboa.

Eta orduan zezena korrika hasten da. Ez du ingurukoen hizkuntza ulertzen. Ez ditu haien oihuak ulertzen. Ez daki zergatik dauden denak bere kontra, baina korrika egiten du. Ihes egiten saiatzen da. Eta momentu horretan, zezena izateari uzten dio. Amorru bihurtzen da. Nekea. Memoria. Besteen erosotasunagatik isilik sufritzera behartutako gorputz guztien sinbolo. Eta guk, harmailetan, geure burua ikusten hasi beharko genuke behingoz. Zeren eta tradizio baten izenean mina normalizatzen denean, ez baitu animaliak bakarrik galtzen bere askatasuna. Gizatasuna galtzen ere hasten gara.

INFO +:

One reply on “Tradizioa ala sistema sostengatzen duen soka?”

Deja un comentario