Leioako animalistek gaur hasiko dute Leioan bizi diren pertsonen sinadura bilketa, Herri Ekimen baten bidez Udalari proposatzeko Asto Probak ordezkatu daitezela sufrimendurik sortzen ez duen jarduera batekin, batasuna eta dibertimendua sortuko duen jarduera, alegia.
Udalak animaliekiko harri-arrastatze probarik ez antolatzea, ez diruz laguntzea, ez baimentzea ere eskatu dute.
Leioan, animaliekin egindako harri-arrastatze probak udalerriko landa-iraganaren isla dira, baina eztabaida sortu dute 2007az geroztik, ATEA (Animalien Tratu Etikoaren aldeko Elkartea) elkartearen salaketa baten ondorioz, Udalak Txopoeta auzoko jai-batzordearekin erabaki baitzuen astoekin edo poniekin proba gehiago ez egitea.
Ondiz eta Santimami auzoek, euren jaietan idi-probak sartzen zituztenak, egiteari utzi zioten 2018 eta 2022an, baina San Bartolome auzoan Asto Probak mantentzen dira, animalistek gogor kritikatzen dituztenak. Azaltzen dutenez, horietan, inoiz 480 kilo baino gehiago pisatzen ez duen asto batek 700 kiloko harri bat mugitu behar du, zenbat eta urrunago eta azkarrago. Horretarako, makilakaden poderioz ikasi ondoren, proba egiten duten bitartean, orgariek 2 makila ere hautsi ditzakete astoaren bizkarrean. Eta hori guztia, jabeak sari bat eskura dezan eskudirutan eta gutxi batzuk diberti daitezen sufritzen ikusiz.
Leioa Animaliekiko Tratu Txarrik EZ taldeko bozeramailea den Ruben Belandiak azaldu duenez, “animaliekin egiten diren arrastatze-probak jaietako programetatik desagerrarazteko eskaera 11.500 sinadurek babestu zuten 2015ean Change.org-en eta 45.000k 2019an. Udalak ez zituen aintzat hartu, Leioan bizi ez diren pertsonek ere sinatzen zutelako. Hori dela eta, Leioan erroldatutako pertsonen paperezko sinadurak biltzeko asmoa geneukan. Baina, Getxoko azken esperientziaren aurrean, non Sokamuturra Ez-ek bildutako udalerriko pertsonen paperezko sinadurak ere ez baitzituen aintzat hartu bere Udalak, Udalbatzak gure eskaerak eztabaidatu eta bozkatu behar izatera behartuko zuen formula bat aukeratu genuen.”
Formula hori Leioako Udalaren Araudi Organikoa eta Herritarren Partaidetzakoaren 131. artikuluan ezarritakoa da. Horren arabera, herritarrek Herri Ekimena gauzatu ahal izango dute, udal-eskumenaren arloko akordio- edo jarduera-proposamenak edo araudi-proiektuak aurkeztuz. Horretarako, adinez nagusi diren eta udalerrian erroldatuta dauden pertsonen % 10aren behar bezala egiaztatutako sinadura bildu behar dituzte. Ekimena Udalaren Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu beharko da.
3.000 sinadura
Eustaten datuen arabera, Leioak 32.448 biztanle zituen 2024. urtearen hasieran, eta horietatik 6.138 0 eta 19 urte bitartekoak ziren. Azken horiek baztertuta, 26.310 adin nagusiko geratuko lirateke gutxienez. Horiei 2024tik izandako hazkundea gehitzen badiegu, baitai 18 edo 19 urte dituztenak ere, gutxienez 3.000 sinadura behar dira ekimena aurkeztu ahal izateko.
Kopuru hori lortzeko, gaurtik aurrera sinadurak biltzeko mahaiak jarriko dituzte herriko hainbat puntutan.
Eskaerak
Hau da Herri Ekimenaren bitartez, Leioako Udalari eskatzen diotena:
1.- Asto Probak batu eta dibertituko gaituen jarduera batekin ordezkatzea, sufrimendurik gabe.
2.- Udalak ez dezala antolatu, ez diezaiola diruz lagundu ezta espazio edo eraikin publikoak erabiltzeko baimenik eman ere bere programan animaliekin harria arrastatzeko probak sartzen dituen inolako festa edo ekitaldiri.
Aurrera egiteko aukera
Leioa Animaliekiko Tratu Txarrik EZ taldeko bozeramailea den Lola Azpitartek azaldu duenez “Herri Ekimen hau sinatzeak San Bartolomen animaliak errespetatuko dituzten jaiak sortzeko aukera ematen digu, guztiok goza ditzagun. Inguruko beste udalerri batzuk animaliekin egindako ikuskizunak ezabatuz egiten dute aurrera, eta Leioak ere egin dezake. Bada garaia elkarrekin Leioa etikoago eta modernoago baterantz aurrera egin dezagun.”
Hori dela eta, Leioan erroldatutako adin nagusiko pertsona guztiei dei egin die bere sinadurarekin Herri Ekimen hau babesteko.
Sinadurak biltzeko kanpainaren kartela
Kartelak orain arte Leioako San Bartolome auzoko jaiak izan direna alderatzen du, asto bati kolpeka ari den gurdigile baten irudiarekin, eta izan litezkeenak, Giza Probak izeneko pertsonekin egindako harri-arrastatzearen irudiarekin, kasu honetan neskak protagonista direla, zehazki Harriti Giza Proba taldearenak.
Eskuratu sinatzeko orria PDF formatoan
Sinatu modu digitalean eta posta elektronikoaren bidez bidali helbide honetara:trónico a leioamaltrato@gmail.com
Beste aukera bat da orria imprimatu, sinatu eta ekarri jartzen ditugun mahaietara, edo kontaktatu gurekin eta geratuko gara orria jasotzeko.
