Maika Sanchez leioaztarrak bidali digun eskutitza.
Leioaztarra naiz, eta ez nago harro! Badira egun batzuk Leioa Udaleko Osoko Bilkura izan zela, uztailaren 23an, hain zuzen.
Herritar asko bezala Bilkura horretan itxaropentsu nengoen, aukera baitzegoen asto proben inguruko eztabaidari erantzun bat emateko. Erabaki hau, askoren ustez, asto probak bertan behera uzteko aukera izango zelakoan geunden.
Baina ez zen horrela gertatu. Gai honen aurrean, susmatzen zen bezala, zinegotzi batzuen botoek, “herriko tradizioa” aitzakia lotsagarria erabiliz, “asto probak” aurrera jarraitzeko ahalbideratu zuten.
Baina benetan mindu nindutena, eta espero ez nuena, beste zinegotzi batzuen botoak izan ziren; hau da, EH Bildurenak. Beraienak ere “asto probak” jarraitzearen aldekoak izan zirelako.
Aukera ezin hobea galdu da. Oraindik, gaur egun, batzuen “dibertimendua” animalien sufrimenduaren lepotik dator.
Etsipen handia izan da niretzat eta beste askoretzat. Barka ezina, ez dugu ahaztuko.
Eskerrik asko Herri Ekimen hau aurrera eraman eta parte hartu duten guztiei.
Ez dugu etsiko!
