
Leioako Udalak gure udalerria sortu zenetik igaro diren 500 urteak ospatzeko metroko geltokian jarri dituen hiru karteletan, iraganari, orainari eta gure herriko pertsonei begirada bat egiten dieten irudiak biltzen dituztenetan, ez dago lekurik Asto Probentzat.
Iraganerako begiradan, XX. mendean Udaletxearen eraikinaren aurrean pertsonekin egindako harria arrastatzeko proba baten argazkia dago (Giza Probak).
Orainari begirako panelean, Herri Kiroletako probei dagozkien bi irudi ageri dira: harri-jasotzea eta Txinga erutea, eta beraiekin batera berdintasunaren aldarrikapena, Lamiakoko Maskarada, Olentzero eta Mari Domingi, munduko arrozak, Umore Azoka, jai herrikoiak edo gure auzoak lotzen dituen autobus zerbitzua agertzen dira.

Nasetatik ikusten diren sei pertsonen irudietan, horietako bat neska harrijasotzailea da.
Oso positiboa iruditzen zaigu proba mota horiei balioa ematea, non pertsonak ahalegintzen diren, publikoak animatzen dituen eta inork ez dituen jotzen. Guztiz kontrakoa gertatzen da Asto Probetan eta Idi Probetan.
Leioako hurrengo 500 urteetarako, gure tradizioen onena mantentzea aldarrikatzen dugu, batzen gaituzten tradizioak, eta animalien sufrimenduan oinarrituta daudenak alde batera uztea.
