Arazoa sinadura batzuen falta balitz, kalera aterako ginateke haien bila, baina sinadurak Notario batek balioztatzea eskatzen digute, 3.000 pertsona Notaritza batera joatea sinatzera, eta horrek 18.000 euro inguru kostatuko litzaiguke. Hori da arazoa, eta ezin da konpondu.
683 sinadura Leioan erroldatuta ez daudenei dagozkiela esan dute, eta beste 115 errepikatuta daudela. Irailetik martxora kalean jarri ditugun mahai guztietan argi utzi dugu Leioan erroldatutako pertsonentzako sinadura bilketa zela.
Erroldatuta ez dauden pertsona batzuek sinatu izana gerta daiteke, baita norbaitek behin baino gehiagotan sinatzea ere, akats baten ondorioz, edo kausaren alde gehiago egiten zuelakoan. Baina Leioan bizi ez diren ia 700 pertsona sinatu izana gehiegizkoa iruditzen zaigu. Horri gehitzen badiogu Udal Idazkaritzaren txostenean NANarekin bat ez datozen izen-abizenak daudela irakurtzean, gure susmoa are handiagoa da. Ez dakigu okertzat jo den Maria Concepcion izeneko pertsona batek Kontxi bezala sinatzea.
Horregatik eskatu diogu Udalak sinaduren egiaztatze-zerrenda ikusi ahal izatea, zeintzuk baztertu diren eta zergatik jakiteko. Baina Udalak uko egiten dio sinadura kopurua baino informazio gehiago emateari.
Herri Ekimena onartzeko arazoa sinadura batzuk falta direla izango balitz, kalera aterako ginateke berriro ere, eta maiatzaren 19rako sinadura guztiak entregatuko genituzke.
Sinadurak balioztatzea da arazoa
Baina arazoa da Udalak sinadurak balioztatzea notario aurrean egitea eskatzen duela. Nahiz eta bere komunikazio guztietan esaten duen paperezko sinadura balioztatu egin behar dela, adibidez, Notarioaren aurrean, inoiz ez du zehaztu “adibidez” horretan zer beste modu egon daitezkeen. Hain zuzen ere “adibide” horren bila, Herri Ekimen Legegilea arautzen duen euskal Legera jo genuen, zeinak 8. artikuluan “Fedemaile Berezi” baten izendapena aurreikusten duen. Pentsionisten Mugimenduak erabili duena da bere LHE berrirako, eta erabiltzea erabaki genuen, baina Udalak ez du onartu.
Udalak ez du inoiz argitu notarioaren aurrean ez ziren beste autentifikazio moduak zeintzuk ziren. Gure bilera-eskaerei ere ez die inoiz erantzun. Alkateak berak ikusi gaitu kaletik sinadurak biltzen eta ez digu esan notariorik gabe nora gindoazen.
Ea 3.000 pertsona banan-banan Notarioaren aurrean sinatzea 18.000 euro kostatuko litzaiguke. Pertsona bakoitza Notaritzara joan beharrean bere NANaren fotokopia emango baligu, kostea pixka bat baino ez litzateke jaitsiko. Gainera, gaur egun dauden iruzur guztiak kontutan hartuta, inork ez du bere NANaren fotokopia beste inori emango, bere nortasuna ordezkatzeko erabil litekeelako.
Sinadura elektronikoa da Udalak onartzen duen beste bidea, baina oraindik ez dago hain edatuta, Herri Ekimena babestu ahal izateko beste sinadura lortzeko. Izan ere, 7 hilabete hauetan jaso ditugun sinadura elektronikoak ez dira 10 baino gehiago izan.
20.000 biztanle baino gehiago dituzten 23 euskal hirietatik, 20tan ez da sinadurak balioztatzea eskatzen Herri Ekimena aurkezteko. Galdakaok bai eskatzen du, baina Fede-emaile Bereziaren figura onartzen du. Gasteizek ere eskatzen du, baina sinaduren %1erako, gainontzeko %9a Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez egin daitekeela.
Beraz, Leioa da Herri Ekimena aurkezteko Notarioarengana joatea eskatzen duen hiri bakarra da, eta horregatik oraingo arautegia 2013an onartu zenetik ez da inolako Herri Ekimenik aurkeztu gure herrian.
Udalak Fedemaile Bereziaren figura onartzen ez badu, ezinezkoa da Herri Ekimena zuzentzea, ez baitago inolako herritarron kolektiborik hainbeste diru ordaintzeko gaitasuna duenik.
Udaletxeak benetako hesia eraiki du bere inguruan, animaliekiko tratu txarrik gabeko jaien aldeko eskaera Udal osoko bilkurara hel ez dadin, eta udal talde politikoek eskaera horri erantzun behar ez izateko, baina ezin izango du ukatu eskaera hori gehiengoa dela Leioako herritarren artean.
