Categorías
Euskara

Umeentzako tauromakia bultzatzeko lege proposamena bertan behera uzteko eskatzen dugu

Umeentzako tauromakia bultzatzeko lege proposamena dela eta, zera esan behar dugu:

1.-  Hemen ez zegoen inolako lege-hutsunerik. Hemen bi debeku argi zeuden, 6 hilabete baino gutxiagoko zekorrak eta txahalak zezen ikuskizunetan erabiltzeko debekua eta 16 urte baino gutxiagoko neska-mutilek parte hartzeko debekua. 2008tik ibili dira ezarritako debekuak sahiesten, baina 2022ean animaliak babesteko euskal legearekin debekuak askoz indartsuak izan dira.

2.- Lege proposamenak izugarrizko atzerakada ekartzen du.

EAJ eta PSE terraplanista bihurtu dira, eta zientziak esaten duena ukatu egiten dute. Zientziak zer esaten digu? Animaliek sentitzen dutela eta bultzatu nahi diren zezen ikuskizunetan asko sufritzen dutela. Eta 6 hilabete baino gutxiagoko zekor eta txahalak erabiltzea astakeria galanta dela.

Umeak zezen ikuskizunetan parte hartzaile izatea ere bultzatu nahi dute lege proposamen honekin. Zientziak zer esaten digu? Indarkeria erabiltzen duten ikuskizunetara umeak eramatea, indarkeria ontzat ematea eta ahulenak direnak txarto tratatzea ontzat emateko ohitura hartuko dute.

Nazio Batuen umeak zezen ikuskizunetara ikusle bezala ez joateko eskatu dio Espainiari. Eta Euskadin bultzatu nahi dena ez da ikusle izatea, parte hartzea baizik.

3.- Aldaketa izugarri hau Euskadiko tradizioen kontra doa. Euskadiko tradizioa zen umeak baserri-eskoletara eramatea, eta ez zezenketara eramatea. Hezkuntza arloko euskal Curriculumak argi uzten du Haur Hezkuntzatik DBHrainoko umeek animalien eskubideak ezagutzen eta errespetatzen ikasi behar dutela. Beraz, lege honek Hezkuntzaren Euskal Curriculumaren kontra ere jotzen du.

4.- Otsailaren 10ean eta gaur Legebiltzarrean agerraldiak egin dituzten aditu guztiek lege honen kontrako argudio ugari aurkeztu dituzte. Legearen alde agertu direnak duela urte bete legea eskatzera etorri ziren ganaduzaleak izan dira. Harrigarria da nola EAJ eta PSE onartu eta irentsi dituzten ganaduzaleen datu faltsuak eta nola jarri dituzten ganaduzaleen interes ekonomikoak beste guztiaren gainean.

Beraz, EAJ eta PSEri Zientziak esaten duenaren aurrean terraplanistak ez izatea eskatzen diegu, umeak eta animaliak babesteko euskal tradizioa eta euskal legeak errespetatzea eskatzen diegu, Nazio Batuen Erakundearen gomendioen kontra ez jotzea eskatzen diegu. Beraz, umeentzako tauromakia bultzatzeko lege proposamena bertan behera uztea eskatzen diegu.

Deja un comentario